Ibilbideak

 
 

Amoroto - Amoroto ibilbidea, 18 kilometro inguruko ibilaldia dugu eta gutxi gora behera 4 ordukoa da.

Ibilaldi honi Amorotoko plazan emango zaio hasiera eta hilerria igaro ondoren Lomaganera iritsiko gara. Txabola bat dago eta bidearen bestekaldean, basoko bide bat hartuko dugu. Bide hau jarraituz, Kastillo baserrira helduko gara eta hemendik Atxurra auzora abiatuko gara.

Atxurra baserri inguruan, Pepetxo eta Errekas Leizeak ikus daitezke. Ibilbideari jarraituz, Ikaran baserrirantz abiatuko gara eta hemendik baso bidez, Enpan baserrira helduko gara. Baserri hau 1989. urteko suteetan erre zen eta bertan behera jarraitzen du. Bideari jarraituz, Milloira ailegatuko gara, gero auzo berdineko San Antolin ermitara helduko gara. Toki polita ogibitartekoa jateko.

Bideari jarraituz, Asterrikarantz abiatuko gera mendi bidetik. Auzo honetatik itsasoaren pasai ederra ikus daiteke. Hemendik Mendexarantz abiatuko gara eta Leagi-Torrera iritsiko gara.

Leagi- Torretik Ipidei baserrira joango gara aldapa haundia jeitsiz. Ipideitik, Oleta auzunerantz abiatuko gara Lea-ibilbideari jarraituz eta Oletatik Errotabarri baserria igaroz, Abitxara helduko gara.

Abitxa baserriaren alboan Abitxako Koba aurkitzen da. Koba hau ikusteko Udaletxean giltza eskatu behar da. Abitxatik baso bidez eta aldapa haunditxo bat igoz, Aldasolo baserrira iritsiko gara, Elexalde auzora hain zuzen ere.